Webgune hau “Esklaboak Piriniotako mugaldean” izeneko proiektuaren barnean kokatzen da, Geronimo de Uztariz Historia Institutua eta Memoriaren Bideak elkarteek bultzaturik.
Proiektu honen helburu nagusia gerra zibila eta frankismo garaian egindako bortxazko lanen errealitatea zabaltzea da. Izan ere, nahiz eta gerraostean berebiziko garrantzi ekonomikoa izan, oraindik ere oso ezezaguna da errepresio mota hau. Aldi berean, ikerketa hau faxismoari aurre egiteagatik eta II. Errepublika zein gizarte eredu justuago eta libreagoak defendatzeagatik zigortuak izan zirenendako omenaldi gisa zabaldu nahi dugu.
Bortxazko lanen unibertso zabalaren barnean, proiektuak Mendebaldeko Piriniotako lanak hartzen ditu aztergai, zeinetan 15.000 inguru prisionerok, estatu espainiar osotik etorrita, hartu zuten parte. Prisionero hauek bortxazko lan batailoietan sarturik egon ziren, Langile Batailoiak eta Langile Soldaduen Diziplina Batailoiak. Eremu honetan gotorlekuetan eta errepideetan egin zuten lan prisioneroek, eta errepide horietako gehienak oraindik ere erabiltzen dira.
Proiektua mendebaldeko Pirinioan zentratzen bada ere, oso argi dugu ekimen hauetan aurrera joateko modurik onena elkarlana dela, eta horrexegatik deia egiten diegu bortxazko lanen inguruan lan egiten duten elkarte eta pertsonei elkarren arteko koordinazioa eta proiektu amankomunak bultzatzen jarraitzeko, esklabotza sare zabala hobeki ezagutu ahal izateko, eta frankismoaren esklaboen zein haien familien memoria hobeki zabaldu ahal izateko.
Bestalde, argi dago errepresio modalitate hau, bortxazko lanena, ezin dela beste errepresio motetatik aparte ulertu, eta horrexegatik arlo honetako memoria historikoaren berreskurapenak amankomuneko puntu asko ditu erbestearen, desagerpenen edota espetxeen memoriaren berreskurapenarekin. Hala ere, arlo guzti horietan beste elkarte batzuek aspaldi eta modu bikainean lan egiten dutenez, modalitate konkretu batean zentratzea erabaki dugu, bortxazko lanen inguruan, alegia, beti ere amankomuneko beste ekimen globalagoetan parte hartzeko prest egonik.
Webgune honetan ikus daitekeenez, proiektuak material ezberdinak biltzen ditu: erakusketa ibiltaria, liburu katalogoa, gida didaktikoa, dokumentala eta webgune bera ere. Horiek guztietarako hainbat elkarte eta erakundeen laguntza jaso egin dugu, eta berriro ere hori eskertu nahi dugu.